Ongi izan!!

Eguberrietara ekarri gaituen asteak izan ditu bereak, Madrilgo buelta honetan. Honatx, idatzi hala, burura datorkidan zenbait gai.

Madrilgo Gobernuaren 2009ko Aurrekontuak onartu ditugu behin betiko. Onartu bezperan, gure artean kontrako muturretik entzutera ohituak gauden espresio bat erabiliz, zera esaten zion Rajoyk ozenki Zapaterori: “prakak beheraino jaitsi dituzu EAJren aurrean”. Gehitxo ez?. Nahiz eta, egia esan, gure merituak, eta zenbaiten aldez aurretikako hanka sartzeak ahazteko ez gauden. Meritu horiei esker, ez dezagun ahaztu, Ikerkuntza + Garapen +Berrikuntzako eskumenaren transferentzia eskuratzera goaz; ertzainen erretiro baldintzak polizi nazionalarekin berdinduko ditugu; eta egun hauetantxe ikusten ari garenez, Eusko Jaurlaritza eta Aldundietako Aurrekontuak onartzen ari dira, PSEkoen boto edo, gutxienez, abstentzioarekin; etabar. Zerbait da!

ANVko zinegotziak ti-ta batean Udaletxeetatik kalera botatzeko Rosa Diezek aurkeztu, eta PPk apoiatutako ez legezko proposapenak porrot egin zuen, gure botoa tarteko. Terrorismoaren aurkako batasunak eta ahuntzaren gabeko eztulak pareko dirudite sarritan. Kasu honetan, adibidez.

Estatuko aireportu sistema “berria”ren aurkezpena eta eztabaida beroa izan dugu –izaten hasi gara- Kongresuan. Hilabeteetako atzerapenarekin aurkeztu zigun, aurreko astean, Magdalena Alvarez Ministra andereak. Berritasunik apenas inondik ikusten zaion plana izan da aurkeztu diguna. Eta, noski, autonomiei ezerez hala hutsaren hurrena eskaintzen dion horietakoa. Esana, ordea: eztabaida hau hasi besterik ez da egin. Egia da PPrekin ados jarrita etorri zaigula Ministra, baina ez da egia txikiagoa, hori egitearekin, ez bakarrik EAJ, CiU, BNG eta abarrak kontra jarri dituela, baizik eta, ez gutxiago, PSOEko (eta bereziki PSCko) zenbait diputatu eskandalizaturik utzi duela. Beraz, ikustear dago, gaur oraindik, gai honen nondik norakoa. Denborak erakutsiko du hori.

Gabon eta Urte Zahar/Urte Berriaren bezperek festa giroa nagusiarazten dute, baina, beste guztien gainetik, eta analisi zorrotz eta luzeetarako aukera gutxi ematen dute. Hori bera gertatzen zaigu guri, Madrildik “etxerako” bidean (gaur oraindik Madrildik idazten ari banaiz ere), egun batzuetarako bada ere, jarriak gaudenoi.

Utz ditzagun bada iraganak, gaurkoz behintzat, eta egun hauetako eginkizun betikora bil gaitezen. Egiteko hori, jakina, EGUBERRI ETA URTE BERRI ONENAREN opakizuna irakurleei opatzea da. Denei. Gaur lehenengo sail honetan aldiz irakurtzen didatenei ere bai (halakorik balitz). Baina, batez ere, astea joan astea etorri, 2008. urtean, irakurle saiatu izan direnei.

2009an, okerrik ez bada, hementxe bertan jarraitzeko asmotan agurtzen dut nik Urte Zaharra. Zer besterik opa diot nire buruari zuek, baita, astean behin gutxienez, hemen izatea.

Zer esanik eta zer eginik ez zaigu faltako, ez horixe, Urte Berrian. A ze desafioei aurre egitea dagokigun! Gogorik eta animorik ez dadila faltan bota. Horixe opa dizuet. Eta ez dut gutxiagorik espero zuengandik. Ongi izan!!

Advertisements

About José Ramón Beloki

Diputado del Grupo Vasco en el Congreso. José Ramón Beloki(r)en bidalketa guztiak ikusi

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: