Basaurin ekin nion asteari. Astelehen goizez, EAJko Udal hautetsi eta alderdikideekin batera, prentsaurreko bat eman genuen bertako batzokian. Urteak dira gure alderdiak Basauriko Pozokoetxe eta inguruko hauzotako bizilagunek nozitzen ari diren aparkamendu faltari erantzun nahiaz, proposapen hau bultzatzen duela: ADIFek bertan dauzkan, eta erabiltzen ez dituen lurrak, probisionalki bederen, horretarako egokitu daitezela, ehun eta laurogei aparkamendu toki, gutxi gora behera sortuaz..
Prentsaurrekoa eman, Pozokoetxe bisitatzera joan, eta kafe bat hartzeko astirik gabe, smsa bat jasotzen nuen, non esaten zidaten ADIFek, itxuraz, lur hoiek Udalaren esku uztea erabaki duela. Sekulan ez dut ezagutu halako eraginkortasunik duen iniziatiba politikorik! Ez Legezko Proposapen bat sartzen nuela Kongresuan aldarrikatu nuen prentsaurrekoan. Eta hara non, sartu aurretik, lortu nahi genuena eskura!
Itxuraz, hau guztia (horregatik, badaezpadan, Ez legezko Proposapenarekin aurrera egitea erabaki dugu, arik eta, kasuan, ADIFen astelehen hartako hitzak egi bihurtzen direla konprobatzen dugun).
Egunetik egunera amorru gehiago diot administrazio zenbaiten jokaera mota bati: Entzungor egin, erantzunik eman gabe, jendearen eskabide eta/edo planteamenduei eta, gero, komunikabideetara iristen dela ikustean, presakako eta nola halako erantzunak eman. Edo itxura egin, bederen. Iruzur bikoitza da hau, nire iritzian: garaizko erantzun ezaren iruzurra eta desgaraiko sasi erantzun iheslariarena.
Ekintza polítiko bat baino gehiago eraman dut, urte hauetan, jokabide hau salatuz. Batez ere, Ministerio Sustapen edo Fomentokoaren Ministerioaren aurka. Aireportuak, portuak edo trenbideak direla, administrazio negargarri bat eraman da eta eramaten ari da Ministerio hau (eta beste batzuk), azpiegitura horiek direla eta, eragin txar zenbait nozitzen dituzten hainbat eta hainbat alkate eta hiritar partikularrekin: hitz egin ez, kasurik egin ez, erantzun ez edo guztiz berandu erantzun,…
Aste honetan bertan, “etxeko” beste bi adibide izan dut alor honetan, Basaurikoaz gain. Trapagaran-Ortuella eta Iruni buruzko bi galdera eginak nituen aspalditxo, Gobernuak idatziz erantzun zekizkidan. Horretarako epe mugatuak ditu Gobernuak. Epeei kasu izpirik egin gabe, ordea, ez zidaten erantzunik eamten. Horregatik “birplanteatu” nituen galdera idatzi horiek, orain, ahoz, Komisio barruan, erantzun zekizkidaten. Eginahalak eta bi egin behar izan ditut, azkenik osteguneko komisioan hala gerta dadin. Arik eta lortu dudan Ministroak berak agindu zezala hori, ez omen zen posible. Agindua etorri denean, orduan bai, orduan, itxuraz, “beti daude hitz egin eta galdera-kezkei erantzuteko dispuesto eta irekiak”. Zein erraz den hitz egitea! Erantzun zidaten, nolanahi.
Zer erantzun izan dudan? Hitz onak, labur esanez. Borondate ona dutela, bai batean bai bestean. Konpromiso zehatzik, hori ez, horrelakorik ez daukatela gaur bertan (Santano, Irungo alkateak esanak esan, porzierto). Eta, nola esan lotsatu gabe berak eta nola sinetsi nik, ikusiak ikusi?, oso irekiak daudela hitz egitera, elkarrizketa bidez hartuko dituztela erabakiak, eta antzekoak.
Ihardun bikoitz hau, zoritxarrez, ohizkoa da.
Asteak eman du, baina, hain betikoa ez den besterik ere. Horien artean, asteartean, arratsaldeko zortziak eta laurden inguruan, bozketak egiteko orduan eman zena. Jarraian, esan daiteke, Gobernuak hiru bozketa galdu zituen: 2000E Planari zegozkion bi bozketa (PPrena bat, eta CiUrena bestea). Eta, BNGk aurkeztuta, jaki zenbaiten zergak ehuneko 4ra jaistea.
Galdutako bozketen edukiak ba du garrantzia. Baina hiru bozketa, bata bestearen ondoren, galdu izanak berak, oraindik gehiago. Kasu egingo du ala ez (bigarren hau seguruago, nire iritzian) Gobernu honek ilunabar horrek beste behin bidali zion mezuari, baina garbi erakutsi zigun han geunden guztioi Gobernu honen “ahuldadea”.
Asteazkenak Gobernuaren ahuldadea ez ezik, Espainiako egoera ekonomikoaren beraren ahuldadea (eta Gobernuarenak honetan izan dezakeen eragina) ere hor dagoela jarri zigun begien aurrean. Zapatero presidenteak “laster” etorriko omen den hobekuntza ekonomikoa aldarrikatzen zuen une beretsuan, burtsa beheraka zihoan hala nola zorraren kalifikazio internazionalak ere behera egingo zuen ilunabar horretan. Alanbre gainean dabilen gobernu bati, horrela, era antzeratsuan ibili daitekeen ekonomia baten irudia erantsi zitzaion, horrela, iritzi publikoaren plazaren erdian, beste behin. Tamalgarri eta kezkagarri dena, guztiz. Clintonek esan omen zuen esaldi famatu hura oihukatzeko gogoa, eta kasik beharra, nola ez sentitu: “Ekonomia duk hau, eta ez politika, inozo halako hori!”
Urteak motz eta asteak eta egunak luze: horrela doazkiela gauzak oraintxe bertan sozialistei, hemen Madrilen, daukat inpresioa. Igaro dugun aste hau horren aldeko beste adibide eta proba.
Eta osteguna da oraindik, eguerdiko orduak, hau idazten dudanekoa. Astearen erdia baino zertxobait gehiago, egutegi hutsari begira jarri ezkero. Etxera bueltatzeko ordua ere ez da iritsi. Egingo ez zaie ba batzuei astea luze gero!