URTE ZAHAR-BERRI

Txori, har eta eme, ugarik egiten du igarlearena Urte zahar/Urte Berriaren zangalatraba. Ofizialtasunez jantzita zenbaitek. Komentariogilearen jaka jantzita beste batzuk. Espektakuluaren lumak jantzita festazale batek baino gehiagok. Txepetxaren antzera, salto hona salto hara, adarrez adar ibiliz, sarri, batzuk eta bestek. Esan nahi bai dut: itxurazko igarletzan aritzeko ezinbesteko litzatekeen hegaldi handirik gabe.

Horregatik, asmatu, apenas inork asmatzen duen zer izango den hurrengo Urtea. Demagun, 2011a. Nork daki hori, jakin ere?

Gatozen politikara. Pisutsu egiten da, eta serio hartu ezkero. ernegarri, gogaikarri ez bada, egun hauetan, 2011an hau eta hura gertatuko dela politikaren alorrean aldarrikatzen entzutea.

Zer eta nola ikusten zuen/duen batek lehena/oraina, hala aldarrikatzen du, gehien bat, geroa. Orain artekoaren luzapen huts izatera iristen da sarriegi zenbaiten igarle-kukurrukua.. Zaharrak berri, esaten zaio horri.

Honatx 2011ko jantzia josteko zenbaitek erabiltzen duen zenbait oihal eta ari.

Krisi ekonomikoak eta politikoak hor jarraituko dute. Neurri estruktural gogor zenbait hartu beharko da, eta hartu ere hartuko da ziurrenik ekonomian (politikaren alorrean besterik da, beste behin). Zapatero “gizarajoa” maldan behera doa. Hori dela eta, PSOE barruan mugidak hasiak daude jadanik. Hamazortzi puntu inguruko aldea ateratzen dio, oraintxe bertan, PPk PSOEri inkestatan. Rajoyren irudia distiratsuegia ez delarik, gainera, ateratzen dio alde hori. PSOEren eginahalak guztiak eginahal, PPko hainbat jenderen ustelkeriak apenas kirats elektoralik duen bere aldetik. Dirudi, gutxienez. PP barruko gorabeherak ere ez dira ahaztu behar, begira bestela Alvarez Cascosen azken orduko errebolta. Sindikatuen haserrea –haserre kontrolatua izaki ere zenbait kasutan- ere hor dago, urte berria gazitzeko. ETAren aldarrikapen senpiternoki aldarrikatua ere ezin ba ahaztu. Zapateroren mesede izango ote da, iristen den egunean?. Eta emango al dio aukera Ezker Abertzaleari Udaberriko Hauteskundeetan, bere osotasunean, egoteko? Eta zein erresultaturekin? Beraiek espero duten oparoarekin? Zeintzuk izango dira, bestalde, oro har Udal-Foru-Autonomi hauteskunde horietako erresultatuak? Zeintzuk hor Espainian, eta hemen Euskadin? PPk irabaziko ote du, eta PSOEk galduko, zeinek baino zeinek nabarmenago? Eta horren ondorioak Estatuko gobernagarritasunean? Hauteskunde deia urreratua? PSOE eta PPren Espainiako erresultatuak errepikatuko ote dira hemen Euskadin? Edo, agian, bizi dugun “salbuespen” egoeran etorriko dira –gauza bat da Espainia eta bestea Euskadi- erresultatu elektoral horiek ere? Eta zer izango ote da EAJaz? Oposizioan dagoenetik hona eraman duen politika –hor Madrilen eta hemen Euskadin- sarituko du jendeak bere botoarekin edo agian zigortuko?….

Aspertzeraino jarrai daiteke horrela –galderak egiten nahiz galdera horiei ustezko erantzunak ematen- 2010eko Urte Zaharrari agur egiteko eta 2011ako Urte Berriari ongietorria emateko orduan. Galderak zein erantzunak, holakoetan, ari zaharrak izaten dira. Eta ari zahar horiekin egiten den soka ere, zaharra. Nagusiki zaharra.

2011, ordea, gusta ala ez, berria ere etorriko da, zaharra adina edo gehiago. Hori horrela izango denaren aski eskarmentu badugu atzeragi begira jarri gabe ere. Nork esango zion, esan ere, esate batez Zapaterori, 2010ko Urte Berriari ekitea tokatu zitzaion eta Europako Presidentzia sei hilabeteetarako hartu zueneko hartan, tuputs egin zuen ekaineko krisialdi latz harekin topo egingo zuenik? Etabar, etabar. Nork aldarrikatuko zuen, EAJaren etxe barrura begiratuz, 2010ko Urtarrilaren lehenengo egunetan, zortzi- bederatzi hilabete geroago sinatu zuen akordioa sinatuko zuenik Zapaterorekin? Zer espero zezakeen Lopez Lehendakariak egun haietan beraietan, akordio hura medio, tokatu zitzaizkion ustekabeak nozitzea tokatuko zitzaionik?….

Guzti horregatik, ”zaharrak, berri”, bai, egunkari, irrati eta telebistetan egun hauetan hain ugari sumatzen dugun “txori, har eta eme”ren mokoetan. Baina, badaezpadan, ez dezala inork ahaztu “Urte berria, berri” ere etorriko dela, gusta ala ez.

Niri, gainera, zer nahi duzue, gusta egiten zait hori. Berritasunaren premi latza sentitzen dut, oraintxe bertan, Euskadiko eta, baita, Espainiako politikan.

Berritasun horien alde lan egiteko prest eta gogoarekin ekiten diot urteari. Eta gero, gerokoak.

Advertisement

About José Ramón Beloki

Diputado del Grupo Vasco en el Congreso. José Ramón Beloki(r)en bidalketa guztiak ikusi

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: