ELA, LAB, eta…

BERRIA egunkarian, datorren ostegunerako deitu duten greba orokorra dela eta, Adolgo Muñoz, ELAko idazkari nagusia, eta Ainhoa Etxaide, LABeko ordezkaria, elkarrizketatzen dituzte gaur. Luze, orri pare bateko luzeraz edo. Elkarrizketatu, gainera, biak batera elkarrizketatzen dituzte. Hau da, biei galdera berdinak luzatuz. Eta bakoitzaren erantzunak jasoz.

Galde erantzun guztien artean, ondoren itsasten dudanak deitu dit niri neuri atentzioa gehien.

Galdera:

– Alderdi ezkertiarren koalizioak egon daitezke maiatzeko hauteskundeetan. Hein batean, krisiaren ondorio dela uste al duzue?

Eta erantzunak:

– Etxaide: Eremu guztiek egin behar dute hausnarketa sakon bat, langileen egoera zein den eta horren aurka egin beharrekoak erabaki. Bere garaian esan genuen erantzukizun historikoz jokatzea zela zatiketa gainditzea eta alternatiba bat eskaintzeko prest ginen sindikatuok bat egin eta bide horretan ibilbide bat egiten hastea. Politikan, instituzioetan ardurak dituzten alderdi guztiak, salbuespenik gabe, langileen kontra eta kapitalaren alde lerrokatu direla ikusi dugu. Instituzioak herriarentzat berreskuratu behar dira.

– Muñoz: Gu kezkatzen gaitu sindikalgintzak egin dezakeena, hori baita guk finkatu beharrekoa. Agenda sendo bat egin, eta politikan eragin zuzena lortu behar dugu. Esparru politikoan, begirunez ikusten dugu balizko aliantza hori. Politika sozialak eta aurrerakoiak nahi ditugu, eta horretarako borrokatzen gara. Gure ardura da esparru sindikalean elkarlana sendotzea.

Zergatik deitu didan atentzioa gehien?

Hara zer nolako burutazioak piztu dizkidan.

Greba orokorraren deia, jakina denez, bi sindikatuek amankomunean egin dute. Ez da lehenengo aldia –ez eta seguru izango azkena- elkarrekin, batera, gisa honetako hala bestelako deiak, eta ekintzak, egiten dituztela sindikatu biak. Zer normalago sindikatuak, ez bakarrik bi hauek noski, ekintza bateratuak planteatzea baino? Sindikalgintzan, politikan eta edozein alorretan da hori normal.

Nork ez dio, baina, batez ere azken aldi honetan, bere buruari galdetu noraino doazen eta joateko asmotan diren, bi sindikatuok elkarrekin? Noraino, ez denboran bakarrik. Noraino ez gutxiago sindikalgintza alor osoan. Eta noraino, baita, politikan.

Azken hau galdetzen die kazetariak bi sindikatuetako ordezkariei, beste askok, okasioa izan ezkero, galdetuko genieken bezala.

Ez da harritzekoa, beraz, ematen duten erantzunak atentzio berezia deitu izana, niri behintzat.

Zer erantzuten dute? Gauza bera?

LABeko ordezkariak zera dio, hitzez hitz: “Politikan, instituzioetan ardurak dituzten alderdi guztiak, salbuespenik gabe, langileen kontra eta kapitalaren alde lerrokatu direla ikusi dugu. Instituzioak herriarentzat berreskuratu behar dira.” .

Hau da, sindikatuok, orain arteko agintari politiko guztiak kalera bota eta “alderdi ezkertiarren koalizio”aren aldeko apustua egin behar dugu.

ELAko Muñozen erantzuna beste bide batetik doa: “Gu kezkatzen gaitu sindikalgintzak egin dezakeena, hori baita guk finkatu beharrekoa. (…) Gure ardura da esparru sindikalean elkarlana sendotzea.”

Hau da, politikan eragina izan bai, baina politika politikarientzat, eta sindikalgintza sindikalistentzat.

Nik hala ulertu ditut gauzak, behinik behin.

ELA eta LABen arteko elkarlana dela eta, hainbat jende sumatu izan dut bazterretan galdezka, eta kezkaturik: Euskal sindikalgintza erakunde bakarra izatera iritsiko ote da, edo, gutxienez, erakunde bi izanik ere, bien arteko abertzaletasun esparruko zein baino zeinagoko lehian berezitasunik ez izatera iritsiko ote dira? Zein aldetara lerratuko dira (lerratuta ez badaude), bata eta bestea? Biak alde berera?

Ni, ezezkoan nago.

Sindikalgintzak, oraintxe bertan, (politikagintzak bezalatsu), mila eta bat problema ditu gizarte aldakor eta ireki honetara egokitzen. Ba da, hortik eta hemendik, etorkizunik ikusten ez dionik –ikusi nahi ez dionik ere bai- sindikalgintzari luzarora. Erreza ez daukate, hori seguru. Eta seguruenik inork ez daki, jakin ziur, zein den ibili beharreko bidea, aldapatsua eta neurri handi batetan ezkutua dela jakitez aparte.

Aspaldiko tentazioa da sindikalgintzarentzat, zailtasun eta ezjakintasun horretan, politikaren bideetan, gutxi edo gehiago, bide horiek argiagoak bailiran, abiatzea. Mendez, UGTko eta Toxo –CCOO-ko ordezkarien azken egun hauetako ibilerak horren testigu. Eta ez dira lehen aldikoak, ezta gutxiagorik ere.

LABeko Ainhoa Etxaideren erantzunak antzeko ibileren aldeko joera bezala adierazten dute. Ez nau oharkabean harrapatzen ez horixe, LABen “ezker abertzaletasunaren aldeko joerak”. Orain arteko politika eta politikari guztien kontra agertzen da Etxaide anderea, ezker abertzaleko beste edozein pare. Rafa Usabiagaren ibilerak ere hor daude.

Muñozen erantzunak ELAren historian, batez ere azken berrogei ta piko urtekoan, hain adierazgarria –eta askorentzat ez batere ulergarria, are gutxiago onargarria- izan den politikagintza eta sindikalgintza alorrak elkarrengandik bereizte aldera jotzen du. Argi niretzat.

Momentu biziki interesgarriak bizi ditugu, nire iritzian, oraintxe bertan, Euskadin. Interesgarriak bezain nahasiak eta nahastaileak, hori bai. Politikan, noski. Sindikalgintzan, ez gutxiago. Berandu baino goizago joango dira gauzak argitzen, nik uste. Hasiko dira argitzen. Erabateko argia (edo gutxienez aldi batetarako behar haina argi) noiz etorri den, hori besterik da.

Ez da, gainera, berez etorriko. Gogor eta zuzen, asmatuz, lan egin beharko da, norabideak argi izanik. Politikagintzan eta sindikalgintzan.

Euskal sindikalgintzaren norabideak asko axola dit, niri neuri. Garrantzizko armarri ikusten dut euskaldunon etxea jaso eta zutik mantentzeko. Hala ulertu dut nire bizitzan. Eta horregatik aritu naiz gaur bi ordezkarien deklarazioak irakurtzen.

Zuzen ala oker interpretatu ditudan, hori joango gara ikusten.

Advertisements

About José Ramón Beloki

Diputado del Grupo Vasco en el Congreso. José Ramón Beloki(r)en bidalketa guztiak ikusi

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: