Monthly Archives: abendua 2010

Ikusteko Dago Hori

Sei hilabetera doa blog honetan idatzi ez dudala. Denbora asko, gehiegi, orain geldialdi horren esplikaziotan sartzeko.

Ez da komunikazioari politikan betidanik aitortu izan diodan garrantzia ukatzera etorri naizena.

Ez da, ezta, noiz eta azken sei hilabete hauetan, Madrilgo Parlamentuan bizi izan dudan politikak zer komunikaturik eman ez duen. Zerbait izatekotan, kontrakoa: inoiz baino intentsiboago eta inoiz ez bezalako pasadizoak bizitzea tokatu zait (2011ko Aurrekontuen inguruan EAJren talde parlamentariak Zapaterorekin egin eta izenpetu duen hitzarmena, testigu).

Kontrakoa da, agian, bai baten bai besten. Agian garrantzi gehiegi aitortu izanak komunikazioari politikan; eta zer komunikatu gehiegi erabili izanak eskuarte politikoan eraman nau bloga mututzera.

Agian.

Bueltatzea erabaki dut. Lehengora, gutxi asko. Sekulan ere, inor bueltatzen ez bada ere guztiz lehengo hutsera.

Aldaketa eta berritze horren adierazgarri, eskertu nahi diot Iker Merodiori esku bat bota izana blogak oraintxe bertan hartu duen azaleko itxura aldatzen. Ez dakit azalarekin bat barrua ere aldatua etorriko den. Nik ere ez dakit.

Zerbait diferente eta berri sumatzen dudala neure barrenean, hori bai. Ez ditu batek alferrik esperientziak bizitzen. Ez gertakizun, ez mutualdi politikoarenak. Ez nik behintzat, azken sei hilabete hauetan.

Dena den, gero gerokoak.

Blogari hasera eman nionean esan nuen hura bera (orduan gaztelanienaz, gaur euskaraz) esanaz hasiko naiz: Ikusteko dago hori.