“…eta horrela bizitzen gera…”

Xabier Leteren heriotzak NEDS filma ikustetik ateratzean harrapatu ninduen, guztiz ustekabean. Iñigo Caminoren dei bat jaso nuen, horren berri emanaz.

Hurrengo egunean “zertxobait” bidaliko niola, nire erreflexio-sentipenak isladatuz, gelditu ginen.

Ondoren datorren idatzia bidali nion, goizean goiz, Xabier Leteren hil kapera bisitatzera joan aurretik.

Egon naiz nire idazlana zerbait luzatzeko, bisitaren ondoren. Baina ez. Azkenean, bueltaka buru-bihotzean ibili ondoren, esateko dudan gauzarik garrantzitsuena hor doala, “Izarren hautsa” poesi/kantaren letratik ateratako titularpean jarri ditudan hitz horietan, erabaki dut.

Norbaiti, ondoren irakurriko duenak, argi utziko ez balio, zera utzi nahiko nuke garbi, nolanahi eta badaezpadan: neuk ere ez dakit nola adierazi Xabier Leteri nire bizitzan diodan zorra. Horregatik bakarrik, nola utzi pasatzen bere heriotza zerbait idatzi gabe?

Paisaia genetiko ezezagun batek zeharkaturik jaiotzen gara. Ez gara, gainera, nonahi jaiotzen, paisaia familiar, geografiko, sozial, historiko eta herri paisaia baten barruan baizik.

Eta ondoren dator norbere bizia. Hau da, norbere, eta guztion, paisaia osatzen joatea.

Hirurogeiko hamarkadan, Euskal kantagintza berria plazaratu zen garaitan, agertu zen Xabier Lete nire, eta orduko euskaldun asko eta askoren, bizitzako paisaian.

Atzo arte? Ez, seguru nago ezetz.

Xabier Lete, mila arrazoi tarteko, paisaia horretan izango da, bihar eta etzi eta etzidamu… Ez bakarrik hirurogeiko hamarkadatik beti hor, gure paisaia pertsonalean izan dugunok biziko garen artean. Beti. Nik hala uste eta desio behintzat.

Guretzat, bere poesiak, bere kantak (bereizterik badago bien artean), bere pentsaerak, bere jarduerak, politikoak besteak beste; bere lankidetzak, horren suertea izan dugu eta batzuk bizitzan, gure bizitzako paisaia iraunkor eta orobat aldakor horren parte ukaezina dira. Eta hala agertzen dira, nonahi eta noiznahi presente eginaz.

Lagun baten heriotzaren urteurrena ospatzen dugula, eta Urepeleko Xalbadoren heriotzean osatutako poesi kantatuaren lagunartea baino hoberik ezin dugu aurkitu. Nafarroa hau eta hori, eta beste hura, izango da, baina guretzat beti harragoa, Letek erakutsi zigunez. Gure Euskal Herria beti izango da maite ezin eta behar dugun Euskal Herria. Altzateko Jauna hor izango dugu beti zain, noiz bere, eta gure, lurrera itzuliko. Noiznahi eta nonahi entzungo ditugu gure bizitzako paisaiaren edozein txoko eta gunetan, geu garen “gizon arruntaren koplak”. Etabar, etabar luze eta aberatsa..

Bizitzaren itsasontzia kaiatik urruntzen ari dela sentituko dugun bakoitzean, Habanako portua atzean uzten ariko bagina sentituko dugu, eta habanera bat kantatzen jarriko gara, isilean bada ere. Eta nire kasuan, denen gainetik: Beti izango dugu hor Izarren hautsa, =Mikel Laboa, paisaia horretako beste osagai ukaezina lagun batez ere= bizigai, norbere eta guztion bizitzaren paisaiaren izateko, lantzeko, osatzeko, berritzeko arrazoi. Arrazoi eta itxaropen.

Gu sortu ginen enbor beretik sortuko bai dira besteak. Eta beste horien paisaiatan, baita, bere egin dezaten, eta ondoren aldatu, beren gustura, hor utziko diegu geurea, Xabier Lete barruan.

Han goiko paisaian, eta hemen behekoan, hago, beraz, betirako, Xabier Lete.

Advertisements

About José Ramón Beloki

Diputado del Grupo Vasco en el Congreso. José Ramón Beloki(r)en bidalketa guztiak ikusi

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: