Daily Archives: 2010/03/25

Madrilen ere

Jose Antonio Agirreren heriotzaren 50. urteurrena dela eta, ez da omenaldirik falta bazterretan azkanldian. Denak mereziak noski, hori eta gehiago zor diogunez gure lehen Lehendakariari.

Omenaldi gehienak, eta beroenak, Euskadin egiten ari dira, eta egingo dira, noski.

Ez dira bakarrak, ordea. Eta, bakoitzari berea, atzo ilunabarrez hemen Madrilen egin genuenak ere merezi du bere lekutxoa. Blog honetan behintzat.

Meza bat izan zen, San Inazio elizan. Eliza hau, inork gutxik badaki ere, Euskadiko hiru Diputazioek gaur egun oraindik –ez problemarik gabe- mantentzen duten eliza bat da: “euskaldunon eliza”.

Harako deia egin genuen EAJko talde parlamentaritik. Eta ez ginen EAJko parlamentari eta senatoreak izan han agertu ginen bakarrak. Gutariko denak, noski. Baina beste talde parlamentarietatik ere agertu ziren beste senatore eta diputatu batzuk: PSOEtik, PPtik, Kanariarrak,…Eta, gero, jakina, Madrilen bizi den hainbat “euskaldun” (bihotzez eta gogoz euskaldun, gutxienez).

Nortzuk han izan ginen azpimarratzeak haina, edo gehiago ere, merezi du beste bi puntu azpimarratzeak.

Bata, non eta hemen, Madrilen, Roucoren “terrenotan” ospatu izana, eta ospatu zen bezala ospatu izana. Horren testigu, eransten dudan argazkia. Eta beste hainbat gauza ere azpimarra daiteke: apaizaren sermoia, Iñaki Anasagastirena (meza ondoren, baina oraindik apaizak, biak, aldarean segitzen zutela), etabar.

Bigarrena, nik neuk beste guztien gainetik hemen aipatu nahi nukeena. “Gizonezko ospetsu guztien atzean emakume bat egon ohi dela”, esan izan da, orain artean behintzat, ez dakit hizpide zuzenez hala okerrez garai hauetarako. Ospakizun guztien atzean gizon hala emakume eskuzabal eta saiatu bat izan dela, hori bai, seguru nagoela. Eta horixe da goraipatu nahi dudana: gure lankide Gorka Alvarezek (Madrilgo beste euskaldun batzuekin noski) atzokoa ospa zedin egin dituen lanak eskertu ezinezkoak dira.

Aitortu ditzagun, sikera. Aupa, Gorka, beraz, Jose Antonio Agirre lehendakaria ez ezik!