EZ AFIZIO, EZ GANORA, EZ BORONDATE

Harroxko ikusten dut, egunkarietan, Arriola kontseilaria. EAJren aurka, nola ez. “Bazterrak nahastu besterik ez omen dugu egiten”. Antzeko zerbait esan berri du Arrasaten, oker ez banago.

Berak jakingo du zergatik eta zertarako ekin dioen bide horri. Dena den: Noren izenean eta PSE(PSOE)tarren izenean aurpegiratu besteei bazterrak nahastea!. Edo nahi bada, argiago oraindik, egun hauetan fama handi haina xelebreak eskuratu dituen “Flexiguren”, hau da Egiguren zahar-berriaren alderdiaren izenean!. Nork eta besteek bazterrak nahastu, Youtuben ikusten dugunarekin! Bejondeiola!

Egun batzuk dira nire eskuetara iritsi zela Arriolaren kontseilari ordea den Ernesto Gasco donostiarrak hainbat erakunde inplikatuei bidalitako “Convenio de colaboración del Comité de Desarrollo de Rutas Aéreas del Pais Vasco” delako baten testua. Ez dut irakurlea gehiegi aspertuko Itun horren edukiaz. Lehendik gauza hauetaz zerbait dakienari zera argituko diot: Aspalditxotik Aldundiek, Udalek eta Ganbarek, bai Bilbo, bai Hondarribia, bai Gasteizko aireportuetako martxa –hegaldiak, batez ere- bultza eta areagotzeko sortutako erakundeek egiten ari diren gauza bera proposatzen du Erakunde berri hau Arriolaren Departamenduak. Hau da: egiteko berririk ez, bakarrik aurreko hiruak ordezkatuko lituzkeen bakarra sortu nahi luke (non, jakina, Arriola jarriko litzatekeen agintzen, oraingoetan ez bezala).

Ez dagokit niri esatea orain artean lan horretan aritu diren Udal, Aldundi eta Ganbarek ongi ikusten duten ala ez proposapen hau. Hitz egingo dute interesatuek ongi deritzaioten garaian eta moduan.

Nik beste zerbait azpimarra nahi dut, hemendik Madrildik eta Kongresutik. Hemen dabil, azken aldian, Blanco Ministroa Estatuko aireportuen sistema aldatzera doala aldarrika eta aldarrika. Urtarrilaren lehen hamabostaldian, ez ohizko komisio bat bildu, eta han eman zituen ezagutzera sistema “berri” horren osagai nagusiak: pribatizatu (zertxobait), zenbait aireportuetan kudeaketarako elkarteak sortu (eskumen murritzekin), Autonomiei sarbidea (pitintxo bat) eman, … eta, baita, besterik ezean, Gascok proposatzen duen horren antzeko batzordeak sortu aireportuz aireportu.

Zer dela eta, baina, gelditu behar dute Euskal Herriko aireportuek eta gelditu behar du Euskal Autonomiak minima minimorum horrekin? Zer dela eta Arriola eta Gascok ez dute nahi Euskal Herrirako ezta Blanco Ministroak, bere aldetik, eskaintzen ari dena? Nola baina interpretatzen dute Gernikako Estatutoa, inoiz irakurri badute behintzat, gure agintari berriek? Nola egikaritu nahi dute Gernikako Estatutoak bere 10 artikuluko 32. atalean esaten duena? Zertan geldiarazi nahi dute Komunitate autonomoak heliportu eta aireportuez besteak beste, Konstituzioak 149.1.20º artikuluan esaten duena errespetatuz, duen eskumen esklusiboa?

Ederki gaude Arriola, Gasco eta agintari berriekin autogobernua garatzeko! Blancok eskaintzen duena hartzeko ere ez afizio, ez ganora, ez borondaterik dute agertzen! Kalamidade hutsa. Eta, bitartean, Kataluniarrek jadanik hurbileko trenen kudeaketa beren eskutan, eta aireportuena eska eta eska, Generalitatea bera buru dela.

Advertisements

About José Ramón Beloki

Diputado del Grupo Vasco en el Congreso. José Ramón Beloki(r)en bidalketa guztiak ikusi

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: