Denbora astunak

Astuna, politikatik begiratuta, atzera utzi dugun astea. Hemen, Euskadin, eta han, Madrilen (asteburuan idazten dut hau, horregatik hemen eta han hauek, aste erdian izanik, alderantzizkoak izaten direnez nire kasuan).

Enpleguaren transferentzia dela eta haserre adina txolin sumatu ditut hasi Lopez lehendakariarengandik eta Idoia Mendia, Gema Zabaleta eta ez dakit zenbat sozialista gehiago. Zer uste zuten bada? Zapatero beren mende izango zutela? Abertzaleoi bota egin izan digute aurpegira, sozialistek besteak beste, munduaren zilborra geu garela uste izana. Eta hara non orain beraiek hori bera sinesten jarri bide diren. Ikasiko dute, arraioa, ikasia ez badute jadanik, aspalditxodanik! 2010.eko aurrekontuekin gertatu dena ez bait da, inondik ere, lehenengo aldiz gertatu den zerbait izan, ezta izango ere azkena. Aurrekontuen tratua itxi dugun bakoitzean, ez dugu bereizi, eta bereziko ere, PSOE PSErengangik. Hori ez da gure lana. Izatezkotan, berea da. Eta, jakina, zer uste zuten bada? Zapatero ala Lopezen artean aukeratzeko zorian izan ezkero, Lopez aukeratuko zuela Zapaterok, bere burua aukeratu ordez, EAJrekin bere aldeko tratua egiteko orduan?

Hobe lukete, horregatik, sozialistek espantuka ibili ordez, seriotasunez lanean jarriko balira, adibidez enpleguaren transferentzia eskuratzeko orduan. EAJkook transferentzi horren aurka gaudela entzute hotsak, lotsa ematen du, eman ere, beraien bizkarretik. Nor eta EAJa transferentzi baten aurka! Sinesgarritasun minimo bat nahi badu Lopezen gobernuak, ba du aurreragoko lanik, ez eta halako burugabekeria sinesgaitzak saltzen jarri.

Madrilen, egia esan, arazo honek apenas inor, sozialisten artean ere, ez asaldatu ezta kezkatu ere duenik askorik. Han, beste auzi batzuek izan ditugu eskuartean. Bi, batez ere: Alakrana itsasontziaren liberazioa eta bere ondorenak; eta, oraindik gehiago, abortuaren legearen lehen pausoak (nolabait esatearren) Kongresuan.

Garrantzizko bi eztabaida izan ditugu bataz eta besteaz aurreko astean. Baina ez dira eztabaida ahituak, ezta gutxiagorik ere, ondorengo aste eta hilabeteek garbi erakutsiko dutenez.

Gai bakoitzak luze idaztea merezi luke. Bai batean, bai bestean, ifarra galtzeko arriskuzko garaiak bizi bai ditugu. Eta ez da jenderik falta, ezta inguruan ere, bai bataz bai bestez, gure buruak galarazi nahi lizkigukeenik. Eztabaida guztietan, problema nagusia, zera izan ohi da: nola bereizi delako problema horren muina eta, zenbaitek, muin horren izenean saldu nahi dizun inguruko nahaspila eta korapiloa Bi hauetan, hori ari da gertatzen nabarmen.

Arrantzaleen kasuan, izan ere, EAJaren talde parlamentariarentzat, arazo nagusia zera izan da beti: zer egin gure arrantzaleek, arrazoizko segurtasunez, arrantza egiten segi ahal dezaten urrutiko Indiako itsas zabal haietan. Horren atzetik abiatu ginen orin hiru urte. Horren atzetik aurkeztu ditugu gure iniziatibak eta lortu dugu Gobernu zentralak zenbait pauso ematea. Eta horren atzetik segituko dugu. Bistan da, beste zenbaitentzat, helburu hauek bigarrengo mailako direla oraintxe bertan, sesio politikorako aukera paregabea aurkitu uste dutenez ur arre horietan. Ez da gure kasua, eta ez izango ere, ondorengo aldietan.

Abortuari buruz zer esan? Zertaz den eztabaida oraintxe bertan jakite hutsean ere ba du lanik borondate oneko hainbat jendek, gureak barne. Hainbatetaraino saiatu da nahasten PP, Rouco eta konpainiaren laguntza paregabearekin, besteak beste. Abortua onartzen ari omen gara. Gezurra: aspalditik onartua dagoenak ez du lanik onartzen. Arautua dagoena modu kuriosoago eta probetxugarriago batetan arautu nahiaz gabiltza, EAJkoak behintzat. Hor behar luke egon eztabaidak eta ez zenbaitek jarri nahi duen zulo itsu eta beltzean.

Neuk bakarrik dakit zenbat aldiz oroitu naizen, azkenaldi honetan, Errepublika garaian Aita santua ikusteko asmoz Erromara joan ziren EAJko diputatu haiekin. Hauteskundeetara eskuin muturreko CEDAkoekin batera joan behar zutela, hartu zuten agindu-aholkua, Elizaren partetik. “Zu, zurera, eta gu, gurera”, izan zen gure jendearengandik hartu zuen erantzuna. Egun hauetan Rouco eta konpainiari eman behar diegun berdina: abortua gauza txarra dela, jakin bai bait dakigu aspalditik. Gauza txarrez mundua zoritxarrez gainezka dagoela (Eliza barruan ere) dakigun bezala. Situazio aldrebes horiek, besteak beste, arautzeko sortu zuen gizakiak politika. Nola esan? Roucok eta bere konpainiak konbentzitu ez duen eta abortatzera joan den emakume katolikoa, besteak beste, kartzelara ez bidaltzeko.

Esan bezala, ordea, guzti honi buruz luze hitz egin daiteke eta behar litzateke. Luze eta sakon, eta ez mehatxuka.

Beno, aste berriari ekitera noa, beste behin Madrilen. Kontu zaharrik ez zaio faltako. Berririk ere ez, ordea: Zapaterok asteazkenean Kongresuan azaldu nahi omen digun “ekonomia berri eta sostengarriaren aurreproiektua”, esate batetarako. Honi buruz ere zer esana hobeti izango da ondorengo asteetan. Ikerketa + Garapen + Berrikuntzaren alorrean, adibidez. Horregatik aurkeztu diot Cristina Garmendiari aurkeztu diodan urgentziazko interpelazioa. Ikusiko dugu ematen digun astirik, aste honen barruan bertan, eztabaidatzeko. Bestela, hurrengo batetan izango da. Baina, eztabaidatu, eztabaidatu beharko du, lehentxeago ala geroxeago. Zer eztabaidatua hobeto dago egon, bestalde.

Advertisements

About José Ramón Beloki

Diputado del Grupo Vasco en el Congreso. José Ramón Beloki(r)en bidalketa guztiak ikusi

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: