Daily Archives: 2009/10/18

MUNDUTIK BUELTAN

Aste pare batez hortik zehar ibiltzea tokatu zait. Ekuador aldean lehenik. Turkitik bueltan gero.

Ekuadoren, Quiton, hasteko, Miarritzeko Foroak eratzen dituen urteroko Jardunaldietan parte hartuz. Han ikusi nuen aspaldiko partez Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria eta han topo egin nuen, baita, gure alderdiburu den Iñigo Urkullu eta beste hainbat lankide.

Europa eta Hegoamerikaren arteko harremanak bultzatzeko sortua izan zen Foro honen garapenean esku handia bota izan dugu Eusko Jaurlaritzatik, guk agintzen genuen garaian, eta errekonozimendu horren fruituak argi ikusi zitezkeen Quitoko Jardunaldietan Eusko Jaurlaritzako agintetik kanpo bota gaituzten garai hauetan.

Jarraitu beharko dugu, baina, gogor jarraitu ere, mundu zabalean lanean, gure iritziak ematen eta besteen berri izaten, baldin eta bizitzea tokatu zaigun mundu “txiki” honetan galdu eta desagertu nahi ez badugu. Gure aurrekoek hala egin zuten eta hobe dugu guk ere hala egin.

Hala ari dira egiten, bestalde, oraintxe bertan, ez sinesteko moduan gure enpresariak. Guayakilen aukera paregabea izan nuen horietako batekin hitz aspertu luze bat izateko. Gure “atuneroetako” bat zen. Ozeano Indikoan piratei aurre egitea tokatzen ari zaien horietako bat.

Hiru Ozeanoetan dago, baina, bera lanean, ez bakarrik Indikoan. Horregatik Ekuadoren ere aurrera atera duen entrepresa. Bi mila langiletik gora ditu berarentzat lanean.

“Hau da hain erraz, hutsaren truke bezala, askotan albora uzten duzuen atuneroetako bat”, esaten nion nirekin handik zebilen sozialista bati. Arrantzaleen kontuak antigoaleko kontutzat hartzen ditu gure artean zenbaitek. Eta, nolanahi, garrantzi gutxikotzat. Arik eta, deskubritzen duten EAJaren taldean aspaldidanik deskubrituta dugun hori: punta puntako enpresak direla hauek, mundu osoan lanean ari direnak, eta, beraz, begiramen guztia zor zaiela.

Espero dut, luze baino motzago, Indikoko beren egoera eta ibilerak zuzenduko direla. Horretan segitzen dugu lanean taldean, oraintxe bertan isilka bada ere. Guayakilen ospatu genuen batzarrak izan du probetsurik, besteak beste, nik uste.

Bermeoko atuneroena bat da. Euskal enpresariak non nahi topatzen dituzu oraintxe bertan. Nora joaten zaren, han. Turkia aldean, adibidez. Aspaldiko nire lagun zahar batekin luze hitz egiteko parada izan nuen, adibidez, Istanbulen, Ekuador utzi eta Turkia aldera joan nintzanean.

Enpresaria da bera. “Hirurogei urtera hoa eta turkieraz ikasten hasi behar ahal duk orain”, botatzen omen zioten aurpegira hara joateko asmoak agertu zituenean bere inguruan. “Urteak dituk, motel, horiek turkiera ikasten hasteko”.

Hasi eta lortu. Istanbuleko hainbat bazter erakusten zidan eta elkarrekin afaltzen genuen bitartean, entzuteko zen nire lagunaren turkieraz hitz egiteko kapazidadea telefonoz deitzen zioten bakoitzean. “Ez duk erraza ulertzen gure artean euskara ez ikasteko zenbaitek botatzen dituen aitzakiak”, komentatzen zidan berak, arrazoi guztiz.

Han jarraitzen du berak, familia hemen Euskal Herrian duen bitartean, tarteka hona etorriz. Ostiral gaua zen elkarrekin geundenekoa. “Etzi, igandez, Dubaira noa denboraldi batetarako, han ere zeregina hobeto dagoenez”, jakin erazten zidan.

Hala dabil gure arteko hainbat jende, munduan zehar. Horri eskerrak, hartzen duzu sorpresa atsegina Istanbuleko alkateak, bileran berarekin, CAF enpresa aipatzen dizunean, eta zu harro sentitzen zarenean. Eta hola behin eta berriro, hemen eta han. Gaur bertan, igandea, lagun arteko bazkari batetan, bihar, astelehenez, Txinara denboraldi luze batetarako bueltatzen den beste enpresa gizon baten istorioa kontatzen zidan bazkalkide batek. Emaztea eta seme-alabak hemen utzi eta nik Madrilerako abioi hartuko dudan momentu beretsuan berak Txinarakoa hartuko du. Ba dago aldea! Ez gaude kexatzeko!

Askotan galdetu izan ohi diot nire buruari politikariok, besteak beste, ohartzen ote garen benetan “gure” jendeari tokatzen ari zaion benetako bizitzaz. Ba ditut zalantzak, bai horixe. Nire lagun batek esaten duen bezala, ba dago, egon, hortik zehar guri baino belar motxagoan ibiltzea tokatzen zaionik! Gutxienez jakinaren gainean egon beharko genuke eta bakoitzari berea aitortzen ikasi, lezioak ematen hasi aurretik.

Aste honetan, Aurrekontuen inguruan egindako aurre akordioaz eta izandako gorabeherez idatziko nuela pentsaturik nentorren Madrildik bueltan. Baina, ordenagailuaren aurrean jarri naizen bezain azkar, Madrildik baino gehiago Munduko beste hainbat parajetik bueltan etorria naizela etorri zait burura eta hortik zehar dabilen gure jendeaz hitz egin behar nuela erabaki dut. Gutxiegietan egiten dugu, egin ere, hala nola gutxiegi egiten duten gure arteko egunkari eta komunikabideek. Zor diegu, baina, hau eta mila aldiz gehiago.