APENAS (eta 5)

 Udazken eta negu gogorrak datoz. Politikatik bakarrik konpondu ezin diren horietakoak. Baina politikak oraindik ere zakarragotu ditzakeen horietakoak, baita. 

Zapaterorekin hori gertatuko den susmoa egunetik egunera handiago sumatzen dut. 

Egia aitortuz: ez dago antzematerik gauzak nondik nora joango diren, politikatik begiratuz, ondorengo hilabeteetan Madrilen. Nik ezin dut behintzat. 

Konstatazio ukaezina iruditzen zait, nolanahi, honako hau: inkognita gehiegi dago, oraintxe bertan, Espainiako politikan. Gehiegi eta aska ezinegi. Hara bat edo beste, pasadizoan aipatzearren: Krisi ekonomiko gogorra eta, Madrilgo gobernuaren aldetik, tresna, ideia eta diru gutxi aurre egiten joateko. Egonkortasun ahuleko gobernua, eta, bere buruan, arinkeriaz arinkeria ibiltzen afizionatu den presidentea, ZP jauna. Jendearen konfiantza galtzen, aspalditxotik jadanik, hasia dagoen Presidentea, eta, oposizioan, honek galdutako konfiantza jasotzeko gai ez den itzala, Rajoy eta PP. Bai Katalunian, bai Euskadin, toki bakoitzean bere erara, bazter politikoak hankaz gora jarri dituzten eta aterabiderik aurkitu ezin duten Gobernu, eta bere presidente Zapatero, eta oposizioko talde nagusi, PP, eta bere buru Rajoy. 

Nork nola askatu inkognita guzti hauek (eta beste batzuk) ondorengo hilabeteetan? 

Ez dirudi erraza. Uda honetan ikusi denari begira jarri ezkero, guztiz ezina ere ba dela, esango litzateke. 

Zein izan da, izan ere, abuztu honetan, PSOE eta PPren ahotik entzun dugun lelo ia bakarra: “ustelkeriaz josia zaude” (PSOEk PPri); “legez kanpoko entzuketa eta trikimailuak erabiltzen ari zara PP lehertzeko” (honek PSOEri). Hortik zer espero daiteke, benetako problemak bistatik galtzeko ahalegina ez bada? Deus ez, nik uste.

 Zapaterok, eta PSOEk, ezin zezakeela Espainian PPren laguntzarik izan krisialdiari aurre egiteko, jakina zen, ordea, aurretik ere. 

Hori bazekielako egin zuen, egin ere, Zapaterok uda aurretik itun soziala edo deitzen zaion horren saiakera. Enpresariak eta sindikatuak (Espainiakoak, klaro, Euskadikoak bost axola zaizkionez) itun batera iristen baziren bere gobernuarekin, PP, gutxi gehiago, arrastoan izango zuela pentsatzen zuen, ez fundamenturik gabe. Nola bukatu zen, ordea, saiakera hura: porrot hutsean. 

Eta horregatik, neurri handi batetan, saiatu zen, oporraldia aurretik baita, 18.000 milloi euro mahain gainean jarri eta IU-ICV eta ERCren laguntza eskuratzen finantziazio autonomikoa, eta horren barruan Kataluniakoa bideratuz. Kataluniako korapiloa askatzetik urruti dago, baina, gaur oraindik, eta batek daki zer gerta daitekeen udazken honetan baldin eta behingoz Epaitegi konstituzionalak Kataluniako Autonomi Estatutu berrituaren sententzia borobildu eta ezagutzera ematen badu. 

Zer gertatuko den udazken-negu honetan, batek daki, beraz. 

Pentsatzen jarria nago, baina, Zapateroren problema nagusia ez dela noren laguntza duen ala ez hona edo hara joateko, baizik eta berak ere ez dakiela nora joan. 

Adibide argiak eman dizkigu abuztuan bertan. Denen gainetik, langabezi ordaindua amaitu ondoren, beste sei hilabetez, eman behar omen zien laurehun eta hogei euroko diru laguntzarena. Ez da erraza pulamentu gutxiagorekin, eta lotsagarriago, aritzea gobernu bat. Orduak pasa ziren neurria hartu eta, protestak medio, aldaketak egiteko borondatea agertu zuela Zapaterok berak bere udaleku eguzkitsutik. 

Urte bete luze ibili omen ziren elkarrizketetan Gobernua, enpresariak eta sindikatuak hau eta hura eztabaidatzen itun bat lortzearen atzetik. Pentsa zitekeen alde bakoitzaren jarrerak nahiko garbi izango zituztela batzuk eta besteek, eta, noski, Gobernuak bereak. 

Ba, begira: ordu laurdeneko argitasuna du Zapateroren gobernuak, neurri horrekin erakutsi duena. Alde honetatik begira, ez dago zaila ulertzen enpresariek zergatik hanka egin zezaioketen. Nola izan bidekide nora joan nahi duen ez dakienarekin? 

Zer esperantzarekin hel diezaiokegu, beraz, urte politiko berriari? Gutxirekin, jakina, esperantza hori Gobernu horren ideia, planteamendu eta borondatean oinarritua izan behar badu. 

Auskalo, beraz, zer daukagun aurrean. Zirt edo zart egiteko ordua etorri dakioke, ordea, Zapaterori momentu batetik bestera. Eta hor dago koska. Denontzat ere, neurri batetan.

 Joango gara, nolanahi, gertatzen dena jaso eta komentatzen. 

Atzoko Zarautz ekitaldi politikoaren ondoren, ireki da ikastaro berria eta lehia.

Advertisements

About José Ramón Beloki

Diputado del Grupo Vasco en el Congreso. José Ramón Beloki(r)en bidalketa guztiak ikusi

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: