Ihesi

Halatsu dabil, oraintxe bertan, Zapateroren gobernua: ihesi.

Ekainean, azken astearekin, amaitzen da urtealdi honen osoko bilkuren egutegia. Beraz, hurrengo astean. Noiz egun hori iritsiko dago, aspalditik, Zapateroren gobernua. Gurutze bide sufritua izaten ari dira berarentzat, azkenaldian, astea joan astea etorri, osoko bilkurak. Ez da harritzeko, beraz, noiz amaituko irrikatan badago.

Ekainaren amaierak ez dio, halere, opor giro lasairik ekarriko, dagoela seguru. Iragarpen segurua da hau. Geuri tokatu zaigu, besteak beste, uztaila etorri bezain azkar, diputazio iraunkorreko deia, berehala batean, egin eta gobernuari kontuak eskatzen segituko dugula aldarrikatzea . Eta ez gara bakarrak izango, seguru.

Alferrik dabil, beraz, ihesika, dabilen bezala, Zapateroren gobernua.

Ba nuen nire kuriosidadea zer gertatuko zen ERCk, joandako astean, aurrekoan izaniko interpelazioari jarraiki, aurkeztutako mozioarekin. Mozio horretan, besteak beste, hiru Ministerio bertan behera uztea exijitzen zitzaion gobernuari.

Geu ginen, zenbait aste aurretik, bide hori urratu genuenak, Aministrazio zentralaren erreforma serioa eskatuz. Gogoan dut zenbat buelta eman genizkion geure burutan “ministerio bat, gutxienez” kentzeko esijentziari. “Zergatik bat bakarra?”; “Izen eta guzti ala izenik gabe, nola egingo dugu gure mozioa?”, galdetzen genion geure buruari.

Ez dugu izenik jarriko, Zapateroren beraren eskutan utziaz hori, eta, gutxienez, Ministerio bat ken dezala, esijituko diogu, erabaki genuen. Gogoan izango du, agian, irakurleak mozio horrekin lortu genuela Zapateroren gobernuaren Legealdi honetako “lehen” porrota.

“Ez izateko arrazoirik du, ez pulamenturik”, entzun behar izan dugu bueltan, behin eta berriro, gobernuaren partetik, mozio hura zela eta. Besteak beste, zera botatzen ziguten aurpegira: “ausartu” ez izana Ministerio bat izendatzen.

ERCk, guk urratutako bideari helduz, hiru Ministerio, izen eta guzti, kentzea proposatzen zuen mozioa aurkeztu zuen. Eta hala atera zen, aurreko asteazkenean, Kongresuko gehiengoaren bozarekin. Gu, alde, noski.

Zer egingo du orain Zapateroren gobernuak? Ihesi segi, “Ministerioak definitu eta izendatzea Presidentearen egitekoa da, ez Kongresuarena”, eta antzeko koplekin segituko al du? Gure erantzuna garbia izan da beti honi buruz: Bai, Presidenteari dagokio hori egitea, baina horrek ez du esan nahi Kongresuak horretan zer esanik ez duenik.

Ahaztu behar ez den –eta ahazten utziko ez diogun- zerbait da, izan ere, Presidentearen egitekoa puntu horretan “Gobernuaren Lege” batek arautua dagoela. Eta, beraz, Kongresuak hori gehiago eta zorrotzago arautu ezinik ez duela. Hori hasteko. Eta bigarrenik: nolanahi ere, Kongresuaren gehiengoak agertutako iritzi eta jarrerari kasu egitea dagokiola, demokraziaren haritik, Presidente orori, ZPri barne.

Ihesaldi horrek, beraz, buztan motza du, dagoela seguru Zapatero.

Hala nola, motza duen, oraindik ere motzagoa, aurreko aste honetan, baita, Cristina Garmendiak agertu digun ihesi ibili nahiak.

Izan ere, Ikerketarako Ministra ihesi ibili dugu, ilabeteetan, EAJak, bere bizitza enpresarialaren eta politikagintzaren arteko mugak argitu nahian egin dituen galderei erantzun nahi ez eta. Eta ihesi, nolabait esatearren, argitasun txikienik ere eman nahi izan ez digularik, Bilbora ekarri nahi izan dugun Neutroien Ikerketarako Zentroaz. Ihesi, azken gai honetan bereziki, EAJrekiko. 2005. urtean Talde Sozialistarekin egin genuen Aurrekontuen Hitzarmenean, izan ere, horrelako Ikerketa Zentro bat Zamudioko Parke Teknologikoan egitearena esijitu eta adostu genuen.

Egunkari eta gainontzeko komunikabideetatik jakin dugu, orain ez dela asko, Bilbon ez, Suediako Lünden baizik, egingo dela Zentru hori. Han egitearen aldeko agertu bait dira, komunikabideek esatera, Europako Estatu gehienak. Holako pasadizoetan, bere kabuz eta urjentziz, inork eskatu gabe, agertu beharko luke Kongresuan edozein Ministro/a jaun/andreak. Halako eskabidea sartu genuen, orain zenbait aste, guk,nolanahi, badaezpadan.

Datorren astelehenean, 22an, agertuko omen zen, arratsaldeko lautan. Hala genuen zita. Arik eta, joandako ostegunean, komisioko presidenteak, orduan oraindik Miguel Buenek, zera esan zigun: Cristina “Ministra de Jornada” izendatu omen du Gobernuak, eta Erregeari laguntzera joan behar omen du bidaian, Nueva Zelanda eta Australia aldera. Beraz, ezingo du Kongresura etorri eta, beraz, batzarra irailerako geldituko da.

“Ez nire esku dagoen heinean”, esan nien, hantxe bertan, Miguel Buen eta mahaikide guztiei. “Jakin dezala, Diputazio iraunkorra martxan jarri bezain pronto, agerpen hori eskatzera joango garela”.

Hala aldarrikatu genuen, lau haizeetara, Erkoreka eta biok, handik ordu batzuetara. Eta hala egingo dugu.

Bi kasu besterik ez dira aipatu ditudan hauek, Zapateroren gobernua ihesi dabilela irakurleari argitzeko. Beste asko aipa daitezke.

Udaldian ere ikusiko da, seguruenik, orain artean ikusten joan den bezala, jokabide honen alferrikakoa. Udazkena, izango da, nolanahi, guzti honen benetako proba leku. Iraila/Urriari begira jarria dago, egon ere, oraintxe bertan “Madrilgo” politika, 2010. urtearen hasieran, Europako “presidente” bihurtu aurretik, Zapaterok bere etxe barruko bazterrak argitu eta txukuntzen nahiko lan izango du.

Aurtengo udan ere, seguru, ez da, guzti hau eta udazkena dela eta, “informazio-sugerik” faltako. Ez dakit ihesi segitzeko, denboraldi baterako, balioko dioten ala ez suge horiek. Dakidana hau da: Horiekin ere, ordea, besterik gabe, ez dituela Zapaterok udazkenerako bazterrak txukundu eta egokituko. Eta hori egiten ez duen bitartean, jai duela, lehentxeago ala geroxeago.
Cristinak ere bai.

Advertisements

About José Ramón Beloki

Diputado del Grupo Vasco en el Congreso. José Ramón Beloki(r)en bidalketa guztiak ikusi

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: