Astelehen berezia

Astelehen guztiak ez dira berdinak. Hauteskunde biharamuneko astelehenak bereziak izaten dira. Sentipen horrekin abiatu nintzen, joandaneko astelehenean, lehenik Bartzelonara eta, ondoren, Madrilera.

Bartzelonan, hurrengo asteko asteartean inauguratuko den Prateko aireportu berria erakusten ziguten. Ederra. 5.000 milloi euro kosta omen da. Madrileko A-4ren parekoa da berritasun, dotorezia eta tresnerietan.

Kataluniarrek oro har, eta Batzelonatarrek bereziki, beti izan dute, eta gaur oraindik bizi-bizian dute, Madrilekiko lehia. Edozertan ere, esango nuke. Nor nor den,eta nor aurretik dohan, elkar erakusten ibiltzen dira. Adar jotze punttu batez, aste honetan bertan, aipatutako bisita horretan, zera esaten nion bati: Espainian nork aginduko lehian ibiltzea gustatzen zaizue, eta ez dakit ba…

Madrildarrak eta madrildar ez den hainbat espainiarrak ez daude amor emateko lehia horretan. Oraintxe bertan, inoiz baino gutxiago. Eta hortik, besteak beste, kataluniarrek Espainian bizi duten egoera aski tamalgarria. Astelehenean bertan, aireportu berria zela eta, ageri askoan izan nuen Madrildarren (eta espainiar gehienen, nik uste) kataluniarrekiko amor eman nahi ez hori. Bartzelonara Madrildik bueltan joatea tokatu zitzaidan. Han elkartu nintzen, besteak beste, Madrildik bertatik, edo Madrildik bueltan, ni bezala, Bartzelona eginkizun berarekin gindoazen hainbat. Berehala atera zen gaia. “Aireportua ederra izango da, baina garbi dago Madrilekoarekin konparatzeko adinako mail eta mugimendurik izango. Kontinenteen arteko hegaldietarako erreferentziazko aireportua Espainian Madrilgoa da, eta izaten jarraituko du”, bota zuen, plasta-plasta, batek. Ez zegoen gure artean kataluniarrik, eta geundenotatik inor ere ez zegoen eztabaida horretan sartzeko. Nahiz eta zer eztabaidatua hobeto legokeela gai horretan ere: besteak beste, kataluniarrak, eta euskaldunok ere (guk behintzat) eskatzen ari garen aireportuen transferentzia egina balego, ikusi beharko litzatekeela zer nolako garapena izango lukeen aireportu bakoitzak, eta zer emango luken, bide horretatik, Madrilgo Barajas eta Bartzelonako Prat aireportuen arteko lehiak

Aireportu berriaren bisitak ez zuen, baina, ematen, aurreko astelehenean, gure arteko hizketa gai bakarra, ezta garrantzitsuena ere. Ezta urrutitik ere. Bezperako hauteskunde “europearren” erresultatuak ziren hizpide nagusia.

PPkoen satisfakzioa, nabarmena zen. Eta guztien aldetik errekonozitua. PSOEkoen desilusio punttua, eta are gehiago PSCkoen kezka eta haserre ukitua ere, bai,nabarmena. Guregana, bai CiU bai EAJkoongana, zorionak ematera hurbiltzen zen jende gehiena. Ez UPyD, ez IU, ez ERCko inorekin topo egin ahal izan nuen goiz eta arratsalde horretan. Astean zehar konprobatu dudanez, “denetik” egon da mundu horretan. Inor ez, nolanahi, garbi pozarren. “Tira, hortxe nonbait”, esanaz, gehienak.

Astean zehar, beste edozein asteetan bezala, gai oso desberdinez hitz egin behar izan dugu, eta bozkatu. Hizketa gai nagusia, atari eta pasiloetan, hauteskundeei lotutakoa izan da. Eta nire kasuan, ez hainbeste alderdi bakoitzari buruzkoa, hauteskunde hauen ondoren Estatuan gelditu zen egoera politikoari buruzkoa baizik.

Abiatu ozta ozta egin garela erreflexio eta eginkizun horretan, esan daiteke, bainan, gehienik ere, hauteskundeak pasa eta handik zortzi egunetara. Ez, behintzat, inondik ere, inolako helmugara iritsi. Horretarako, gutxienez, asteak, hilabeteak ez badira, igaro beharko du. Eta auskalo zer gehiago.

Hauteskunde hauek pasa ondoren, udazkenari begira jarria dago guztiz Madrilgo politika giroa. Zapatero presidente ahulduagoarentzat hor dago benetako desafioa: ea zer egiteko gauza den hurrengo udazkenean, 2010ko aurrekontuak aurkeztu eta onartzeko garaia iristean. Ez dauka erreza. Ez dauka, ezta ordea, ezina. Ez du ematen orain arteko joku arin eta aldakorrarekin, besterik gabe, udazkeneko aldapa gogorra gainditu dezakenik. Beste zerbait egin beharko du. Han edo hemen, hauekin edo besteekin.

Aste honetan, hainbatek esatera, Zp “baju” zegoen, “ikutua” bezala. Ez behintzat bere onenean. Izan ere, auzoan, eta etxean, problemak egunetik egunera handiagoak eta konponkaitzagoak izan ditzake, garaiz eta moduz erabakiak hartzen ez baditu.

Ekaina aurrera doa. Uztailak opor usaina ekarri izan ohi du. Eta, gutxi edo gehiago, krisiak krisi, aurtengoak ere halako zerbait ekarriko du. Esaera da, beti betetzen ez dena, udaldia indarberritzeko erabili behar dela. Zapaterok ere pentsatu beharko du horretan. Berak lehenik eta denon aurretik. Eta ondoren, guztiok, gutxi edo gehiago.

Aste honek leihoa ireki besterik ez die egin gogoeta guzti horiei. Besterik ez, baino gutxiagorik ere ez. Izan ere, demokrazian, gusta ala ez, hauteskundeek irekitzen dituzten leihotik sartzen dira bai haize lehun eta epelak, bai haizete zakar eta eranskorrak.

Udazken honetakoak nolakoak izango diren, nork daki?

Advertisements

About José Ramón Beloki

Diputado del Grupo Vasco en el Congreso. José Ramón Beloki(r)en bidalketa guztiak ikusi

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: