A ze parea!

ZP y IZQ1
Asteartean egin eta asteazkenean argitara eman zen goiko argazkia. Kongresuan ateratako da. Eztabaida orokorraren ondorioz talde parlamentari desberdinek aurkezten ditugun ebazpenak bozkatzen genituen egun horretan. Zapaterok ba zekien, ez izan dudarik, bere eserlekutik atera eta IU-ICVko diputatuak eserita dauden eserlekuetara hurbildu eta haiekin hitz egiten jarri ezkero, argazki bat gutxienez izango zuela, hurrengo egunean, egunkarietan. Eta izan zuen: El Mundon.

Gustuko ditu Zapaterok, oraintxe bertan, gisa honetako argazkiak. Ezker haizearen itxurak maite ditu. Europako hauteskundeen bezperak bizi ditugu, eta haize itxura hori komeni zaiolakoan dago, PP mendean hartuko badu.

Beldur da nola aterako den hauteskunde horietatik. PPk irabaziko balio, hauteskunde horietatik oraindik ere ahulago eta politikoki zaurituago aterako litzateke. Eta, ebazpenen bozketak agerian jarri zuenez, lehendik ere ez du sobrako indar eta osasun politikorik.

A zer egunak, eta bereziki a zer azken orduak, bizi izan dituen sozialisten talde parlamentariak ebazpenak aurkeztu zituzten egunetik, aste honetako astearte ilunabarrean bozkatuak izan ziren bitartean. Ostegun ilunabarrean, Donostiara ekarriko ninduen abioiaren zain nengoenean, hau esaten zidan, kexa eta etsipenezko tonuan, beraietako batek: “ba dut, oraintxe, etxera bueltatzeko gogoa, Alonsok et Jauregik hemen eduki gaituenez erdi bahituta zorioneko ebazpen horiekin”.

“Ez alferrik! Izan ere zer probetsurekin?”, erantzuten nion konbentzimendu bera izateko nire hitzen beharrik sumatzen ez zitzaion Diputatuari.

Bozketak bukatu genituenean, “erromeria politiko” bat bizi izanaren sentipena nuen nik neuk. Zapatero eta talde sozialistaren kalteko erromeria, hori bai.

Talde sozialistak jotako piezak, dantzara ateratzeko animorik pizten ez zuten horietakoak izan ziren. “Blandiblú”, bataiatu zituen nire lankide Aitorek. Alde batetik, berez, doinuko gutxikoak zirelako, anima (eduki) gutxikoak. Eta, bestetik, talde parlamentari diferenteek sartutako aldaketa aldaketaren gainean, soinujolea zein soinu jo nahian zebilen ebazpen bakoitzean asmatzen ere ez zelako erraz beti.

Beste talde parlamentariek jotako piezekin sozialistek izaniko larridurez zer esan, berriz. Batez ere, dena esan behar bada, EAJak jarri eta jotako piezekin. Komunikabideek apenas jaso badute ere, (eta denok dakigu, beraiengandik hasita, zergatik ez duten), hiru bozketa galtzera eraman genituen. Eta laugarren batetan larri baino larriago ibili ziren.

Ez zitzaion arrazoirik falta sozialista hari: “bozketa bat galtzea bat duk, beti ere txarra agintean dagoen Gobernu batentzat. Baina, zer esan hiru bider ebazpen bera bozkatu beharraren agonian aurkitzen da bat?” Hala ibili ziren, ibili ere, eta ez behin bakarrik, (hiru aldiz bai, gutxienez, oraintxe bertan gogoan dudanez), aldeko eta kontrako botoak berdinak zirela konprobatuz eta sufrituz.

Izerdia franko atera zuen, ilunabar horretan, “soinujole” sozialistak pieza bat eta beste nondik nora eraman ez zekiela!

Hori joan da, dena den. Txanda pasa egin du, beste behin, Zapaterok. Eta, ondoren, lehen esandakoa: ezker haize pixka bat hartu eta ea horrekin bere hautesle lozorrotu eta erdi-etsiak esnatzen dituen ekainaren zazpia aurretik.

Oraintxe bertan, ez dago besterik, pentsa dezake batek. Eta hala da, hein batetan. Zapaterorentzat, eta guretzat. Hauteskundeak dira politikariontzat helmuga nagusiak, eta horiek bistan agertu bezain pronto esprintatzen hasi beste erremediorik ez dago politikan, beste hainbat lan eta ardura albora utzita .

Horrek ere ba ditu, baina, bere mugak. Agintean dagoenarentzat, gainera, inorentzat baino gehiago eta handiagoak. Ez zen astearte ilunabar hartatik ordu asko pasako muga horien berri agerian jartzeko.

Ostegunean, Kongresuan, Gobernuak onartutako bi Errege Dekretu eztabaidatzen ziren. Bietatik batek, zailtasunak zituen, aprobatua izateko. Eta ez txikiak. Jakina denez, Estatuko sektore energetikoak mila eta bat problema ditu, aspalditik datozenak hainbat, zein baino zen zailagoak konpontzen. Horietan bat, adibidez, urtea joan urtea etorri pilatzen joan den defizit tarifarioa. Hitz gutxi eta errazetan adierazteko: argi indarraren prezioa –tarifa- Gobernuak finkatzen du. Hori horrela, tarifa hori gauza ez bada argi indarra produzitzen, garraiatzen eta lantoki-etxeetara helarazten kostatzen den adina ordaintzeko, orduan Gobernuak, orain dela hainbat urteetatik hona, defizit bat “errekonozitzen” die enpresa elektrikoei. Errekonozimendu horrek zera esan nahi du: egunen batetan, kobratuko dutela zor hori. Defizit hori 14.000 miloe eurora iritsia da jadanik, eta, enpresa elektrikoek esatera, jasan ezina bihurtua zaie guztiz.

Urtea joan urtea etorri, arazo hori konponduko zuela agindu bai, baina ezer egin gabe egon da Zapateroren gobernua. Legealdi honetakoa eta aurrekoa. Ostegunean eztabaidatu eta bozketatzen genuen Errege Dekretuetatik bat auzi hori konpontzera zetorren.

Ikustekoak ziren bezperako kirioak! Han eta hemen!

Ez zen egun horretan ezker haize handirik sumatzen, ez horixe, bazterretan. Auzi hori konponduko bazen, CiU eta EAJ-PNVren laguntza behar zen. Eta izan zuten. Bezperako argazkiak, hauteskunde kanpainetarako dira nonbait. Gobernatzeko orduan, beste soinujole batzuen premia agertzen da bazterretan, EAJkoona besteak beste. Han Madrilen, eta, oker ez banago, ez gutxiago, hemen Euskadin.

Ez da harritzekoa, horregatik hainbat eta hainbat jendek, han eta hemen, behin eta berriro, egunetik egunera ozenago esaten duen hori: Zertan ari da, baina, Zapatero? Gobernatzea, erromeriaz erromeria ibiltzea dela uste al du hala?

Bai, erantzuten diet nik. Horixe uste du. Lopezek bezala.

Zapatero eta Lopez, a ze trikitilari parea, karakola eta barea.

Advertisements

About José Ramón Beloki

Diputado del Grupo Vasco en el Congreso. José Ramón Beloki(r)en bidalketa guztiak ikusi

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: