Animo berrituak

Aste berezia, azkena. Taldearentzat, eta zer esanik ez, niretzat.

Ez dut ukatuko: Eskarmentu politiko bat eman nahian genbiltzan Zapaterori. Euskadin egin duenagatik, digunagatik baino gehiago, baina ez, inolaz ere, horregatik bekarrik. Zapatero, egunetik egunera aldakorrago, inprobisatzaileago, bakartiago eta ulertezinago ikusten genuen. EAJkook eta, ez gutxiago, beste talde parlamentari guztietako hainbatek. Eta, baita, gure ezagueraren arabera, politikatik kanpoko hainbat eta hainbatek. Enpresarien munduak, adibidez.

Azken gobernu birmoldaketa nola egin eta esplikatu duen ikusi besterik ez dago, ZPren jarduera arin eta ulertezinaz, orain artean ezetz bazan, guztiz jabetzeko.

Birmoldaketa horren berri izan eta berehala hartu genuen erabakia: urgentziazko interpelazioa aurkeztu Gobernuari eta eskarmentuzko mezu bat helarazten saiatu. Iritsi arazi nahi genion mezua hau zen: politikak eta administrazioak jendearen eta gizartearen beharrei eta egoerari lotuak eta egokituak behar dute. Ezin dugu segi, politikaren izenean, jendearentzat ez ulergarri eta ez probetxugarri diren gauzak egiten. Are gutxiago kaltegarri direnak. Beraz jar zaitez egokitzen, bai zure gobernua bai zure administrazioa, ekonomiak eta gizarteak oraintxe bertan aurrean dituzten desafio, behar eta aukeretara. Eta jar zaitez, gainera, serio, hots, gaur bertan, biharko utzi gabe. Egiten ari zaren eta egiteko moduari zor, galduta duzun sinesgarritasuna berreskuratu nahi baduzu, bahintzat. Horretarako, eman ezazu, besteak beste, pauso bat: erremodelazioa egin duzunean ia jende guztiak espero eta eskatu dizun, eta zuk egin ez duzun, Ministerio gutxitzeari bideak ireki, eta batean gutxienez gutxitu ezazu 2010etik aurrera zure gobernua.

Erabaki hau hartu guk, aurkeztu interpelazioa eta, hara non, PPk eskatu ondoren, Zapaterok berak ere Kongresura etorri eta birmoldaketa horren zergatiak agertu nahia adierazi zuen. Ez ginen, ba, presakaegi ibiliko Zapateroren esplikazioak entzun aurretik interpelazioa aurkeztuz?, galdetu nion momentu batetan nire buruari.

Apirilaren 22an, asteazkena, etorri zen Zapatero esplikazio horiek ematera Kongresura. Hain zuzen, interpelazioa aurkeztea tokatzen zitzaidan egun berean. Presidentearen esplikazioak entzun, eta nire zalantzak berehala uxatu ziren. Han ez zen agertu pulamentuzko esplikaziorik. Halaxe esan nion, interpelazioa erantzutera etorri zitzaidan Lehen Presidente ordeari, Fernandez de la Vegari.

Eztabaida hartan hasi nintzen usain hartzen, serio, hurrengo asteko mozioa irabazi genezakeenari. Talde parlamentari guztiak agertu ziren, PSOE ezik, oso kritiko Zapaterorekin, eta askok eta askok esan zioten nik nire mozioan jaso asmo nuen hura: nolatan, baina, ez duzu okasioa aprobetxatu eta zure Gobernua, zertxobait bederen, aldatu ez ezik txikitu?

Entzutekoak izan ziren Zapateroren esplikazioak zer dela eta, bere ustez, kulturari, etxebizitzari edo ez ez dakit zeri, konpetentziak izan ala ez, Ministerio bat eskaini behar zaionaz. Laburrean zera esan zuen: garrantzi politikoa eman nahi diodan edozeri zor zaio (edo eman dakioket, gutxienez) Ministerio bat.

Nola daiteke horrelako arinkeriaz ez ezik, halako itsutasun eta gizartearekiko urruntasunez agertu, noiz eta bizi dugun krisialdi zakar eta latz honen erdi-erdian?, galdetu izan diot sarri neure buruari eta saiatu naiz esaten Kongresuko bozgorailutik ere. 4.010.700 langabetura iritsi, enpresak eta komertzioak ehunka erortzen ari diren eta Barne Produktu Gordina inoiz ez bezalako atzerakada ezagutzen ari den momentu berean, Gobernua, eta bere presidentea, keiñu solidario minimo bat sikera egiteko ere gauza ez da.

Irakurleak ba daki gero, aurreko aste honetan, zer gertatu den. Gobernuak eta PSOEk bere eginahal handienak egin baditu ere, gehiago izan dira Kongresuan EAJren iritzira eta botora bildu direnak, beraienera bildutakoak baino. Rosa Diez, UPNko Carlos Salvador, Koalizio Kanariarreko biak, eta Llamazaresen eta Joan Herreraren botoak jaso ditu berak, gure aldera gainontzekoak etorri diren bitartean: Nafarroa Bai, BNG, ERC, CIU, eta PP. Eta, ondorioz, nola ez, galdu egin arazi diogu, guztion artean, bozketa PSOE eta Zapateroren gobernuari.

Ikusiko dugu, orain, zer egiten duen. Ez dugu susmo onik. Zapatero, itxura guztien arabera, berean segitzekotan dago, gerta zer gerta. Noiz arte?, da, oraintxe bertan, inork erantzuten ez dakien galdera.

Itsu-itsuan aurrera egitetik, baina, ez dator atarramendu onik.

Mila aldiz saiatu naiz esplikatzen bati eta besteari Madrilen. EAJa haserre dagoela eta antzeko inozokeriak esaten eta saltzen ari dira, behin eta berrriro. Gu, egon, baina, arduratuta eta kezkatuta gaude, haserre baino gehiago. Arduratuta, inork, ezta beraiek ere, ulertzen ez duten bidetik abiarazi dituztelako gauzak Euskadin, eta, hori nahikoa ez eta, bazter guztiak ere zarpailtzen ari direlako..

Urrea emango nuke, galdu arazi diegun bozketak, segundu pare batez, sikera, bere itxurarik gabeko jokaeraz pentsatzen jarriko balitu. Balu, batez ere, Zapatero! Gaur, oraindik, entzungor egiten dute. Esperantzaren leihoak itxirik segitzen ote dutenaren sentsazioa daukat. Segi egin beharko lanean. Oraintxe bertan, animo berrituarekin.

Advertisements

About José Ramón Beloki

Diputado del Grupo Vasco en el Congreso. José Ramón Beloki(r)en bidalketa guztiak ikusi

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: