ANDALUZAREN PARETA

txirritaEsateko era bat da, Txirrita bertsolariari zor zaiona. Honela dio haren bertsoak: “Hargin ona zela ta, / zakurraren putza / bera eroriko dek / ez egiok bultza”.

Mila motibo desberdin tartean, maiz etorri zaizkit burura, nire bizitzan, Txirritaren bertso hauek. Azkenaldian, Madrilgo paraje hauetan, ikusten ari naizenak ikusi ondoren, maizago.

Aznari, eta nire inguruko zenbait Diputaturi, sarri entzuten zaie, azken urte hauetan bederen, gaur honegatik eta bihar hargatik, Espainiako Estatua gainbehera datorrela. “Ez nindukek harrituko”, esan ohi diot horrelakoetan nire buruari, eta Txirritaren andaluzaren pareta, etorri ohi zait burura.

Begira jarri besterik ez dago, adibidez, justiziarekin gertatzen ari dena. Entzun egin behar zen, joandako asteazken arratsaldean, nork zer esaten zuen Justiziako batzordean, Trillorengandik hasita: Garzon utikan, Bermejo kanpora,….

Justizia hobetzearren hartzen ari diren eta hartu espero dituzten neurrien berri ematera etorria zen Bermejo Ministroa. Goiz hartan, egunkari batetan, Ministroaren -Garzon epailearekin batera- asteburuko ehiza kontuak jasotzen ziren, danbor hots eta guzti. Ordu latzak bizitzen ari ziren ordurako PPkoak Garzon ehiztariak, eskandaluz eskandalu, horretara bultzatuak.

Han joan ziren hankaz gora, tximista batetan, PP-PSOEren arteko Justiziari buruzko akordio eta konponbideak. “Andaluzaren pareta” honek ere ez dik inoren bultzadizo handirik behar lurra jotzeko”, etorri zitzaidan, beste behin, burura, Lehendakariarekin, Alderdien Legearen aplikazioarekin, etabar luze batekin Justizia delako honek berak zer nolako jokaerak izan dituzten burura etortzen zitzaidanaz bat.

Justiziarena alor bat da. Bat gehiago, zerrenda luze batetan. Deskalabruak ugaltzen ari dira. Autonomi Estatutuen, zaharren eta berrien, garapenarekin egiten ari direna bide horretatik doa, berdin. Etxekoarekin zer gertatu zaigun begira jarri besterik ez dago. Eta gu, hortxe nonbait. Galde, bestela, kataluniarrei. Eta edozeini, lehentxeago edo geroxeago. Autonomien Estatua “nazionalistek” zarpaildu dugula esaten dute komunikabideen aurrean, baina, bakardadean, egunetik egunera gehiagok besterik aitortzen dute: nondik nora arraio eraman ez dakitela daudela, hamazazpi autonomien inbento hura egin zutenetik. Etabar, etabar: jarri Ikerkuntzari begira, edo etxebizitzari edo nahi duzunari. Pareta sendoen goraipamenak egiten saiatzen dira, baina Txirritak arrazoi: ez dago bultzaka ihardun beharrik, zenbait pareta zahar lurrean ikusteko.

Galdera gehiago da zerk eusten dion zutik, oraintxe bertan, bizi ditugun garaien pare eta bizi ditugun gorabeherei aurre egiteko gauza.

Hauek honela, egunetik egunera gutxiago harritzen nau entzun eta irakurtzen dudanean –geroz eta sarriago- “hau pikutara zihoak”, edo antzekoak esaten. Ez nator bat zenbaiten alarmismo interesatuarekin. Bat nator, baina, espresio horrek adierazten duen nora ezarekin.

Broma da, jakina- nora ez hori gu bezalako “abertzale gizarajoen” bizkar botatzen saiatzen direnean. Broma interesatua, eta nondik begiratzen den, broma kezkagarria. Zenbaiten esku balego, izan ere, nora ez hori zuzentzeko aitzakiatan, “kangrejoaren aldaketa” behin betirakoa egingo lukete eta “betikoetara” bueltatu. Gordinkeria hauek, jakina, ez dira bere horretan aitortzen. Disimuluzko garaiak dira hauek, gaur oraindik, gehien bat.
.
2008ko Martxoaren 1eko Galiziako eta, batez ere, Euskadiko Hauteskundeak testuinguru honetan, besteak beste, analizatzen ditut nik. Ez gaude, adibiez, hemen gure artean, 2001eko urtean, itxura batez. Orduan gauzak garbiago adierazten ziren. “ALDAKETA” (horrela hizki handiz) guztiz beharrezko zela ezker eskuin aitortzen zen. Ezin zitekeen Estatua deskalabratzen utzi, zen teoria deklaratua. Horretarako EAJa (abertzaleak) agintetik bota behar zuten, PP eta PSOEk, esku esku elkar lanean.

Zazpi urte beranduago, gauzak diferente dira, ezpada puntu nagusi batetan: deskalabruak atzera ez baino aurrera egin duela Estatutan, zenbaiten ustetan, eta kontua dela hori nola bere onera ekarri behingoz. Kangrejuaren aldaketak beharrezko segitzen du, horretarako. Aldaketa horren lehen urratsa Lopezek proposatzen duena da, eta betikoa: EAJa bota agintetik. PPen, eta berdin PSOEn, zenbait jende dagoen benetan horren alde Martxoaren lehenengo egunaren arratseko zortzietatik aurrera hasiko gara ikusten, argi baino argiago, komunikabideak, asko eta asko, lagun eta eragile.

Eta gero gerokoak.

Horregatik niri neuri, gezurra badirudi ere, Estatuaren “deskalabru” honek, abertzale izan arren, ez nau batere lasaitzen. Hala nola ez nauen lasaitzen, ez horixe, abertzaleen artean, baita, plaza irabazten joan den “etxe barruko deskalabru” antzeko honek (horren itxura hartzen diot nik neuk hauteskunde hauen aurrean zenbaitek hartu duen jokabideari).

Horri buruz, nolanahi, agian beste batetan. Baina egia da: batzutan badirudi zenbaitek gure pareta ere Txirritak “andaluzaren pareta”tzat jo zuen haren antzekoa ikusi nahi lukeela, inork bultza gabe berez erortzen den horietakoa.

Advertisements

About José Ramón Beloki

Diputado del Grupo Vasco en el Congreso. José Ramón Beloki(r)en bidalketa guztiak ikusi

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: