Amara aldean bizi naiz eta…

b_419saridunak09handia_t1 Mikel Atxaga nondik nora dabilen jakiteko Xenpelaren esaldi haren bigarren parteari egin izan diot nik kasu: … “egin zaidazu bisita”. Beti hantxe aurkitu dut, Amara aldian, abegikor, kurioso, hontan edo hartan lanean.

Egun batzuk baziren, hortik zehar bueltan ni neu, agertu gabe nintzela bere ingurutik. Holakoetan Mikelekin beti gertatzen den bera gertatu zait oriangoan ere: ARGIA aldizkariak eman dion sariaren berri, pasa eta gero –ehiztari txar askori usoekin bezala- izan dudala.

Merezimenduzko saria izan da eman diotena. Argudio hauek plazaratu dituzte horretarako.

ARGIAk bere 90. urteurrena ospatzen duen honetan, sari bereziz agurtu nahi dugu
ARGIAn egin duenaz gain, euskarazko prentsan eta kultur munduan norbait izan
den eta baden gizon bat.
Aldaketa, ilusio eta nahasmendu handiko garaiak egokitu zitzaizkion euskarazko
kulturgintzari eta orohar euskarazko prentsari 1970eko hamarkadan.
Ikurriña edukitzea bera delitu zen garaietan, Francoren diktadurak euskarazko
izenak jartzea bera ezinezko egiten zuenean, ez partidu politikorik eta ez
sindikaturik ez zenean, legezko hiru hitzengatik gobernuak bat espetxera
zezakeenean, edo aldizkari bat itxi edo multa gogorrez zigortu, garai trumoitsu
haietan kazetaritza egin zuen gure gizonak.
Gaur omendu nahi dugun gizona bada urte batzuk erretretan dela, baina orain dela
bi urte arte eten gabe idatzi du prentsan.
Luis Alberto Aranberrik honela dauka laburtuta gizonaren meritua:
“1965etik aurrera euskal kazetaritzan koskortu ginen gazteon maisurik maisuena
izan zen”. Horra saria merezitzeko adina.
Garai haiek ezagutu ez zituen gazteak ezizen eta pseudonimoetan arakatuz bilatu
beharko du gure gizonaren prosa nahi badu juzgatu: Errialde, Mutiozabal,
Irastortza, Iraola, M.A…
Azken pistatzat ezan dezagun Felipe Gonzalez oraindik gogoratuko dela gure
gizonaz: prentsaurreko batean, 1976an, euskaraz egin zion galdera, eta
Gonzalezen emazteak geroago isekaz ordaindu, esanaz: “Gora Euskadi Nazi”.
Bejondaizula, MIKEL ATXAGA.

Pozten naiz aitormen honekin. Doble pozten, gainera, etorri den lekutik etorri delako. ARGIAren 90 urteetan meritu askoko jendea izango zen. Ez dut nik neuk horren berri zehatzik. Baina transizio garaia komunikabideen mundutik, eta, oro har, euskararen aldeko mundutik, gutxi asko bizitzea tokatu zitzaigunontzat Mikel Atxagaren merituak apartak dira, merezimendu oro merezi duten horietakoak.

Ez naiz, ni neu, sarien festa horretan gehiegi sinesten duten horietakoa. Sari zale eta sari irabazle interesatu eta saiatu gehitxo ezagutu dut, han eta hemen, aitormen guztietan itsu sinesteko.

Ez da hau Mikelen kasua. Merezimenduak sobran, ez du batek horien berri sekulan izango, baldin eta Xenpelari kasu egin, eta “bisitan joaten ez bazaio”. Han aurkituko duzu, abegikor, eskuzabal, … Alferrik saiatuko zara hartutako kafeak zer balio duen galdetzen: ordainduta egongo da ordurako.

Bejondaizula, MIKEL ATXAGA, maisu.

Advertisements

About José Ramón Beloki

Diputado del Grupo Vasco en el Congreso. José Ramón Beloki(r)en bidalketa guztiak ikusi

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: