Krisia eta Politika

Igandean, goizean goiz, bidaian atera behar eta, ohizko kronika bidali gabe utzi nuen. Ez zer esanik ez nuelako. Aste horretan, besteak beste, Katalunyako politikaz zertxobait gehiago jabetzen joateko aparteko aukera izan nuen. Astearte goizean, ERCko Joan Puigcercosi eta hurrengo egunez, asteazkenez, Jordi Puyol berari entzun ahal izan nizkien beren burutazioak. Zer pentsatua (eta, beraz, zer idatzia) atera nuen bien solasaldietatik. Hori nahikoa ez eta, PSCko Andere Diputatu bati kasu eginaz, MIL DIES AMB PM (PASQUAL MARAGALL) erosi eta irakurtzen jarri nintzen.

Nire idatziei jarrai dionak ba daki nolaz, behin eta berriro esaten natorren Katalunyako polítika gertutik segi behar dugula guk ere. Ez guk haien atzetik joan behar dugulako. Non eskarmentatua eta, ondorioz, nondik kontuk aterea ugari dugulako baizik bertan.
Honi buruz, ordea, idatzia duk lehendik eta idatziko duk geroago ere. Aste honetako gorabeherak beste bide batzuetatik joan dira eta horiei heldu nahi nieke.

Laugarren aldiz, krisia gure artera ere etorria dela ohartzen hasi geroztik, Zapatero, joandako ostegunez, Parlamentuan izan genuen. Neurri gehiago aldarrikatzera etorri zen. Celia Villalobos aulki lagunak esan zidan (eta geroago denen aurrean esan zuen) bezala, “zapatagile ez baina jostun gehiago dirudi ZPk, azkenaldian, neurriak hartu eta hartu”.

Baina garbi dago, EAJk alderdikideontzat gutxienez: bromak broma, ez dago eskuak patrikan geldi egoterik jadanik bete betean gure artera etorria den krisi honen aurrean. Horregatik, hamaika mila miloi euroko neurri berriak aldarrikatu bezain azkar, Josu Erkorekak zera esan zion ZPri: “Esku bat botatzeko prest izango gaituzu, beti ere Euskadiko berezitasunak kontutan izanik hartzen badituzu neurriak. Ez hori bakarrik. Prest gaituzu, baita, talde parlamentari honen ahalmenen neurrian, lehiakortasuna bultzatzeko ezinbesteko jotzen ditugun Ikerketa+Garapen+ berrikuntzako proiektuak aurkezteko. Hartu beharreko neurri guztien artean, ezinbesteko jotzen ditugu, jo ere, proiektu mota horiek azkartuko lituzketen ekintzak martxan jartzea”.

Aurkezteko esan zigun, eta, jakina, ez gaude gu zerura begira. Asteburu eta datorren asteko gure eginahal nagusienak hortik joango dira. Krisi finantzieroa ez ezik (hau mundu osokoa) Espainian ematen ari den krisiaren beste izateko arrazoi nagusia, gure ustetan, hor dago: lehiakortasun gutxian. Eta horri aurre egiteko, neurri asko eta desberdinak dira hartu beharrekoak. Horien artean, lehenetarikoak, berrikuntzaren aldekoak.

2009ko Aurrekontuak direla eta talde bakoitzak hartutako erabaki eta jarrerak asko ari dira baldintzatzen, nola ez, krisiari aurre egiteko ZP hartzen ari den neurriak ere. Normala. Azkarregi da jira egiteko. Nornahirentzat.

Senatuan daude, oraintxe bertan, Aurrekontuak. Han zer gerta daitekeen –talde parlamentari diferenteek zer erabaki dezaketen-, era desberdinetako zurrumurruak izan dira azken egunetan. Argitzen joan direnak. PPrena garbi zegoen eta garbi dago: betoaren aldekoa. CiUrekin zenbaitek dudaren bat edo beste izan du, baina, Puyoli asteartea entzun genionoi garbi gelditu zitzaigun, beste behin, talde kataluniar honek zer egingo duen: betoaren aldeko botoa izango da, baita, berea. ERCrekin zalantza gehiago izan da, itxura batetan. Negoziatzeko prest bezala agertu da, baina nik neuk ez dut sekula horretarako aukera handirik ikusi, ez bere aldetik ez PSOErenetik. Betoaren aldera erorik oda, beraz, itxura guztien arabera, ERC baita.

Gauzak honela, Senatuan ZPren 2009ko Aurrekontuek atzera boteak izango dira. Beste behin. Kongresuan ekarri beharko ditugu, hemendik aste pare batetara, bueltan beren onera.

Aurrekontuak dira, baina, nondik begiratzen zaion kontu, gutxiena. Politikoki garrantzi handia dute, jakina. Ekonomikoki ere ba dute beren eragina. Baina garbi esan beharra dago: Santa Maravillak daki (esateko modu bat da hau azken aldean Madrilen) krisia nondik aterako den ondorengo hilabeteetan. 2009ko Aurrekontuak, horregatik, gutxi gora beherakoak dira. Horregatik, garrantzizkoena, beren aurrean jarrera da.

Guk gureaz ez dugu dudarik. Krisiaren gogorrak zentzuz eta kabuz, erantzukizunez, jokatzea eskatzen digu guztioi. Ez dira hauek broma eta jolaserako garaiak.

Ez lukete Gipuzkoan ere izan behar, azken egunotan KUTXAn gertatu denak besterik pentsa arazten badu ere. Hau da lotsa eta tamala! Ez du gertatuak politikaren balioaz eta dotoreziaz hitz egiten, ez horixe! Politika giza arazoei irtenbideak aurkitzeko beharko luke ongi izatera. Hemen gertatu denak kontrakoa dirudi: arazoak konpontzeko ez baizik sortzeko dela politika.

Advertisements

About José Ramón Beloki

Diputado del Grupo Vasco en el Congreso. José Ramón Beloki(r)en bidalketa guztiak ikusi

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: